Zergatik naizen jesuita?

Galdera hori entzuten dudanean burura etortzen zaidan lehenbiziko gauza opari honengatik dudan erabateko esker ona da. Eta aldi berean, Xabierko Kristo ere bai.

Kristo horren irribarrea dela eta, Andaluzian Lagundiak gazteentzat dituen esperientzietan beste modu batera bizi ziren gazteak ezagutu nituen. Jesusen kide izateko sartu ziren Lagundian, beren bizitza zerbitzatuz bizitzeko.

Dagoeneko 10 urte baino gehiago igaro dira eta orain jesuita naizela esan dezaket, Jesusi jarraitzeko modurik onena ni neu izatea baita. Eta Jesusek egin nauen bezala maite nau, nire gauza onekin eta txarrekin. Segurtasun gabeziarik eta maskararik gabe. Ez naizenaren itxurak egin gabe. Ez daukadanaz frustraziorik izan gabe. Nire beldurrekin, nire ilusioekin eta baita nire bekatuarekin ere. Nire miseriekin eta nire porrotekin.

Horrela deitu zidan Lagundira. Naizen guztiarekin, daukadan guztiarekin. Egunero “ni-ago” izateko “Berarekin”. Izan ere, zenbat eta gehiagotan bilatu bera, orduan eta gertuago nago egiaz naizenetik. Jainkoak egin duen Nacho.

Eta “eskerrik asko”. Eskerrak ematea besterik ez dut buruan. Eskerrak hau guztia opari bat delako. Egia esan, munduko irizpideen arabera ez nuke hemen egon behar. Ez dut merezi. Nire tokian gaitasun handiagoko norbait egon behar litzateke, buruz argiagoa eta azkarragoa den norbait, hizkuntzak dakizkiena… baina Jesusek beste irizpide batzuk ditu. Horregatik inoiz baino gehiago fidatzen naiz Berarekin.

Joan den irailean egin nituen botoak beste 5 kiderekin batera. Jaunari hitza eman nion pobrezian, kastitatean eta obedientzian jarraituko niola. Baina badakit Berak ere niri hitza eman zidala. Maitasun eta leialtasun konpromisoa da. Bera hor egongo da beti, eta nik neuk baino konfiantza handiagoa izango du nirekin.

Ez dakit non jarraituko ditudan nire ikasketak, ezta hemendik denbora batera non arituko naizen lanean ere. Baina garrantzitsuena, egiaz garrantzitsua dena zera da: bide hau ez dudala bakarrik egingo. Xabierko Kristoren irribarrea ondoan izango dut, bidea irekiz.

Nacho Narváez sj