Inor ez dadila nitaz oroitu II

Mesedez, ez ospatu nire ezer aurten. Erabat lotsatuko nintzateke, etxe honetara, Jaunarenera, etorri nintzela 400 urte bete direlako zuen energia eta denbora ni gogoratzen xahutuz gero. Seguru nago gizon eta emakume ugarik merezi dutela gogoratzea. Baina ez gara ohartzen, hori da arazoa; hor daude, ez dute oihurik egiten, itxura batera ez dute gauza handirik egiten, baina mundua aldatzen ari dira, sinets iezadazue, aldatzen ari dira, zuek ohartu ez arren.

Obedientziagatik baino ez naiz ari lerro hauek idazten, argi gera bedi. Neure buruaz idaztea ez dut gustuko inondik eta inora ere, baina agindu didanak ezagutzen nau, maite nau eta ahalik eta ongien erantzuten saiatzen ari naiz. Berarengan konfiantza dudanez, badakit honek eraginen bat izango duela, oraingoz zer izango den ez dakidan arren. Nik konfiantza dut.

Dakizuen bezala, Segovian jaio nintzen, eta laster hasi nintzen jesuitekin harremanak izaten, 9 urte nituela Pedro Fabro izeneko bat etorri baitzitzaigun, agur egun Jaunaren ondoan dagoen arren. Baina irudika dezakezuenez, gaztea nintzenez beste plan batzuk nituen, beraz, Alcalára joan nintzen ikastera nire anaia zaharrenarekin. Baina gure aita hil egin zen ni han nintzela eta Segoviara itzuli beharra izan nuen familiaren negozioaren kargu egiteko.

Ezkondu eta hiru seme-alaba izan nituen; baina denak ni baino lehenago hil ziren eta minez eta ulertu ezinda egin nuen negar beraien heriotzan eta nire Maria maitea hil zenean ere bai. Dena galduta zegoela eta ezerk zentzurik ez zuela zirudienean, nire arrebek otoitz egiten hasteko esan zidaten eta gustura sentitzen hasi nintzen; pixkanaka elizgizon izatea pentsatzen hasi nintzen, zehatz esateko, jesuita. Jesusen Lagundira jo nuen, lehen ere beraiekin harremanen bat edo beste izandakoa nintzelako. Hasieran zailtasunak besterik ez, nora joan behar nuen 39 urterekin? Argi neukan ez nuela horretarako balio. Baina Santander aitak, niri lagun egiten zidanak, nire indarrei horrenbeste ez begiratzeko esaten zidan, baizik eta Jainkoaren indarrean konfiantza izateko, hura Jainkoarena bazen, aurrera irtengo baitzuen.

Azkenean, deia baieztatu egin zen. 1571ko urtarrilaren amaieran sartu nintzen Lagundian anai gisa. Bizitzako pozik handiena izan zen hura, horregatik hainbat urtez beldur izan nintzen nire nagusiek Lagunditik botako nindutela.

Hilabete batzuez Gandian nobiziatua egin ondoren, Mallorcara joan nintzen, Montesión eskolara. Oso zaila da han igaro nituen ia 46 urteak laburtzea. Ia denek atezaina izan nintzelako ezagutzen nauten arren, ez zen nire zeregin bakarra izan, nagusiena izan zen arren.

Urte hauek argiz eta itzalez beteta egon ziren. Hau guztia zehatz-mehatz jarri dut nire memorietan. Bizitako guztia kontuan izan eta gauza bat esan nahi nizueke: egin otoitz, otoitz asko egin. Jesusek behin eta berriro esaten du hori, baina ez dugula erabat sinesten ematen du. Niretzat otoitza espazio sagaratua izateaz gain, iturria ere izan zen, nire bizitza bizi nuen eta bizi dudan bezala bizitzeko behar nuen uraren iturria. Otoitzean Jainkoari diodan maitasuna sakontzen dut, baina nire izaera ahularen ondorioz iritsi ez nintzen pertsona askorengana ere iritsi nintzen. Adin batetik aurrera, ia ezin nintzen zutik ere egon, baina hainbeste gizon eta emakumeren alde eska nezakeen. Hainbeste beharren berri nuen... eta nik nire otoitzean jartzen nituen, eta erantzuna izaten zuten! Batzuetan ezustean, beste batzuetan irudikatu ez bezala. Niretzako harrigarriena zen Jaunak lana egiten zuela, Jainkoak berpiztu egiten zuen bekatuak hildakoa, eta hainbesteko sakontasunarekin eta goxotasunarekin egiten zuen, nire bizitzan ezin nuela behar bezala adierazi.

Jesuita kide batzuek aurpegiratzen zidaten ia 80 urte izan arren Amerikara misioetara joateko prest nengoela. Kontua ez zen ahal izatea, argi zegoen ezin nuela, baizik eta Jainkoaren deiari erantzuten saiatzea: gorra ez izatea –Ignaziok Gogojardunetan esaten duen bezala- baizik eta prest eta eskura egotea Jainkoaren borondatea betetzeko. Batzuetan eskura egote horrek, obedientziaren ondorio horrek, xaloa dirudi, baina hainbat urteren ondoren nire deabru guztietatik horrexek askatzen ninduela ikusi dut, deabru horiek baitzeuden Jesus, besteak eta nire artean. Ez zen borroka erraza izan, baina berriro ere, Jainkoaren eskuetan dena egin daiteke.

Inoiz ez nuen nabarmena izan nahi izan, lehenengo postuen bila ibili. Askok aitorpena nahi izaten dute, jendeak handitzat hartzea. Bizitzak eta otoitzak erakutsi didate oso neketsua dela eta askatasuna kentzen dizula izena lortzeko borrokan ibiltzeak eta batek egiten duena ikusgarri bihurtzen saiatzeak. Zorionez, Jesus dut eredu eta laster erakutsi zidan bere borondatea eta mundua aldatzeko zuen modua beste bat gehiago izatea zela. Eta horretan saiatu naiz, ez nabarmentzen, Jainkoa eta gainerakoak jartzen denen erdian eta ez dakit egin nuen, baina badakit ahal nuena egin nuela.

Badakit zuen garaian hitzek indarra galdu dutela. Are gehiago, askotan beren egiazko esanahia ere galdu dute. Horregatik, nahiago dut esan dizkizuedan hitzak gidari hartu ordez, horien atzean dauden intuizioak hartzea eta zuen inguruari eta zuen bizitzari begiratzea.

Alonso Rodríguez ugari dago, Jainkoari esker. Niri santua izatea tokatu zitzaidan, nigan hori ikusten setatu baitziren besteak: santutasuna, nik neure burua hala ikusten ez nuen arren. Baina ongi dakit jaso nuen hori guztia goitik datorkidala, nik egindako ezer ez dela egon, alderantziz izan da.

Oso gustura nago beste batzuez ere konturatu zaretelako, beste batzuei ere begiratu diezuelako, Frantzisko Garate anaiari esaterako, egiazko santu bati; baina gogoan izan zuen inguruan gehiago ere izango direla beren bizitza Jainkoari eta besteei eskainita bizi direnak. Hori dela eta, hasieran esan bezala, inor ez dadila nitaz oroitu.

2017ko irailak 9. San Pedro Claverren memoria, nire bihotza poztu zuena seme espiritual gisa.

Diego de Kisai Haro Martín, SJ.

Dibuix: Ignasi Flores